2022-23 Ikasturteko PROIEKTU IRABAZLEAK

Ikasturte honetan zehar Gipuzkoako 9 zentroetako 3.DBHtik 2.Batxilergora bitarteko 400 ikasle baino gehiagok itsas hondakinen arazoari aurre egiteko tokian tokiko 100 proiektu baino gehiago garatu dituzte, ingurumenaren zaintzako ekintzaile izanik eta aldaketaren protagonistak direla frogatuz.

Proiektuen epaimahaiak lan gogorra izan du aurten sortu diren 100 proiektu baino gehiago arretaz ebaluatzeko eta denen artean 10 proiektu finalistak zeintzuk diren ikusteko. Benetan harrituta geratu dira aurten atera diren proiektuengatik:  kalitatearengatik, murrizketa proiektu asko atera direlako (plastikozko poltsak, botilak, eskolako tipex eta boligrafoak, azukre monodosiak), herriko eragile ezberdin asko inplikatu dituztelako (aitonen egoitzak, jatetxe eta kafetegiak, kirol elkarteak, udaletxea …), komunikazioari indar piloa eman diotelako (kartelak, web-orriak, podcastak, triptiko banaketa, herriko aldizkariak …).

Eta MATEReko lan taldearen partez zer esan, hunkitu egiten gara urtero aurrera eramaten dituzten proiektuengatik, horien atzean ikasle eta irakasleen lana eta inplikazioa ezinbestekoa delarik, benetan oso harro egoteko modukoa.

Ekainak 22an, zentro ezberdinetako ikasleak bilduko ditugu MATERren amaiera ekitaldi bat ospatzeko. Ekitaldi honen helburua, proiektu finalisten ikasleak ahalduntzea, haien lana aintzatestea, ikasleak elkar ezagutzea eta arratsalde polit bat elkarrekin partekatzea da. Ikasleek haien proiektuak aurkeztuko dituzte, epaimahaiak diplomak entregatuko ditu eta itsas hondakinen arrantza irteera batez gozatuko dugu denon artean.

Zorionak gazte guztiei!