Itsas hondakinak eta mikroplastikoak gaur egun Lur planetak dituen ingurumen arazo larrienetarikoen artean dago; klima aldaketa eta biodibertsitate galerarekin batera. Komunitate zientifikoak aspaldi ohartarazten ari digu larrialdi egoera batean gaudela, Lurrari eta bizitzari diogun kudeaketa erabat aldatu behar dugula, gizateriarentzat zorigaitz handia izan daitekeen etorkizuna saihestu nahi badugu. Laster beranduegi izango da porrot egin dugun ibilbidetik aldentzeko eta denbora agortzen ari da.
Itsas hondakina jatorri ez naturala duen edozein solido iraunkorra da, itsasoko edo kostaldeko inguruneetan baztertua edota utzita dagoena, lehorreko iturrietatik itsas ingurunera garraiatzen diren materialak barne; ibaiak jariatzea, estolderia edo haizearen eraginez iritsi direnak. Geroz eta itsas hondakin gehiago iristen dira urtero itsasora, bataz beste 8 milioi tona baino gehiago iristen dela estimatzen da, kopuru hau kamio bat adina plastiko minuturo delarik. Erritmo honek, plastikoaren produkzio eta kontsumoak bezala, gora egiten du urtero eta horrela jarraituz gero 2050ean arrain baino plastiko gehiago egongo da itsasoan.
Argi dago, itsasoan dagoen zabor guztia gizakiona dela eta jatorriari dagokionez, mundu mailan itsas hondakinen % 80ak barnealdeko lurraldeetako jatorria duela esaten da eta beste % 20ak itsasoko jardueratan du iturria, hau da arrantza eta nabigazio sektorearekin loturikoak. Munduko zonalde batzuetan, proportzio hau aldatu daiteke, arrantza eta nabigazio industriaren arabera; adibidez Espainia mailan itsas hondakinen %35ak itsasoko sektoreetan jatorri duela kalkulatu du MITREDek. Lur barnealdeko hondakinak itsasora egiten duten bidaia, haizea eta ziklo hidrologikoaren eraginez burutzen da, lehenago edo geroago, mendian, herriko kaleetan, edota lurrean utzita edo botata ikusten ditugun hondakinak itsasora iristen dira. Gainera, hondakin higienikoak (belarrietako kotoi-zotzak, toallatxoak edota tampoiak), komunetik behera botaz gero, saneamendu sistemak eta araztegietan harrapatu ezean, itsasoan amaitzen dute. Eta, tamalez, zakarrontzietara botatzen ditugun hondakin batzuk ere itsasora irits daitezke. Honen azalpena konplexua da, baina arrazoi nagusiena, sortzen dugun gehiegizko hondakin kantitatea da, ezin delako zabor guztia birziklatu eta gainera birziklatze sistemak mugak dituelako. Bestalde, kasu batzuetan birziklagarriak izan litezkeen hondakin batzuk amaieran ez dira birziklatzen hainbat arrazoirengatik, hala nola; plastiko mota hori birziklatzeko teknologia edo industria garatua ez dagoelako, errentagarria ez delako, 10 cm-tik beherako tamaina izateagatik, kolorearengatik, zikin egoteagatik edota material ezberdinez osatua egoteagatik. Hondakinen sailkapen eta birziklatze bidean, baztertu edota birziklatu ezin daitekeen hondakin batek itsasoan amaitzeko aukera du beti.
Itsas hondakinen arazoari buruz hitz egitean, askotan ozeanoen plastifikazioa kontzeptua ere erabiltzen da, itsas hondakinen artean material ezberdinez egindako objektuak badaude ere (metala, egurra, beira …), material nabarmenena plastikoa baita, hala nola itsas hondakinen % 70a gutxienez. Plastikoa, oso material iraunkorra delako eta denbora pasa ahala eguzkien izpiekin eta itsasoaren mugimendua bezalako faktoreekin txikitzen joan ahal, eundaka zati txikietan zatituko da, mikroplastiko edota nanoplastiko bihurtu arte, gizakion begietatik desagertuz baina betirako geratuz ingurumenean. Izan ere, 5 mm-tik beherako tamaina duten plastikozko partikula hauek, mikroplastikoak deritzonak, itsas hondakin ohikoenak dira mundu mailan, eta gaur egun edozein ingurunetan topa ditzakegu; uretan, lurrean, airean, elikagaietan eta izaki bizidunon gorputzetan ere.
Mundu mailako arazo honek hainbat ondorio ditu eskala desberdinetan, eta Bizkaiko Golkoa ez da salbuespena. Bizkaiko Golkoko itsas hondakinen banaketa ez da asko aztertu, nahiz eta hasierako erreferentziak 90eko hamarkadaren amaieran hasi ziren, eta ekarpen batzuk Bizkaiko Golkoa irteerarik gabeko kalezulotzat jotzen dute. Hainbat ikerketek, Bizkaiko Golkoa itsas hondakinak metatzeko eremu gisa definitu dute. Bereziki, Golkoko hego-ekialdea da Ipar Atlantikoan zabor eta plastiko gehien dagoen eremuetako bat. Pilaketa honen arrazoi nagusienak: ibaien bidez zabor kantitate handiak jasotzen dituela, biztanleria dentsitate-handia duela kostaldeko hiri batzuetan eta kostaldeko korronte eta haizeen dinamiken eragina dira. Ikerketen arabera, Bizkaiko Golkoko hego-ekialdeko kostaldeko urak plastikoz eta mikroplastikoz betetako puntu beroa dira, Mediterraneo itsasoko zonalde batzuetakoak bezalakoak. Hala ere, oraindik ez dakigu zenbaterainokoa den arazo hori, eta premiazkoa da ikertzeko.
Hain larria den arazo global eta lokal hau batzuetan ikusezina da, izan ere, itsasoko hondakin gehienak itsas hondoan pilatuak daude, %70a batik bat eta gainontzekoa ur zutabean, ur gainazalean sakabanatua eta kostaldean pilatua dago. Honek esan nahi du, kostaldean ikusten dugun zaborra, arazoa honen izebergaren punta baino besterik ez dela. Itsas hondakin gehienak, mikroplastiko tamainan egoteak ere, arazo hau batzuetan ikusezina bihurtzen du.
Itsas hondakinen arazoak ondorio asko dakartza eskala desberdinetan. Lehenik eta behin, ekosistema naturalen eraldatze eta suntsitzea, habitatean kalte fisiko eta baita kimikoa eraginez. Beharbada ezezagunena eta kezkagarriena den inpaktua, itsasoko plastikoak daukaten ekotoxizitatea da. Hau da, plastikoak bere osagaien barne dakartzaten gehigarri kimikoez aparte, itsasoan daudenean, bere gainazal porotsua dela eta, uretan disolbatuta dauden beste hainbat gehigarri kimiko toxiko xurgatzean dituzte, eta animali batek plastikozko partikula irenstean, bere baitan dituen gehigarri guzti hauek ere bereganatzen ditu, bere zeluletan alterazio hormonal edota genetiko bat sortuz. Ezagunagoak dira ordea, itsasoko faunarengan eragiten dituzten kalte fisikoak, itsas hondakinekin korapilatu eta trabatu daitezkeelako eta baita irentsi ere, lesioak, asfixia, elikatzeko ezintasuna edo heriotza eraginez. Gainera, ur gainazalean flotatzen dauden hondakinak, korronteekin mugitzen direlako, espezie inbaditzaileen garraioa ekarri dezakete. Bestalde, itsasoko zaborrak galera sozioekonomiko handiak eragiten ditu urtean, nabigazio- edo arrantza-sektoreetatik hasi eta kostaldeak garbitzeko eta saneamendu-sarea mantentzeko kapitaleraino. Azkenik, itsasoko mikroplastikoek eta plastikoek ere giza osasunean dituzten eraginen berri ematen duten hainbat ikerketa daude, airean, uran eta elikagaietan daudenez, astean 5 g plastiko barneratzen ditugula estimatu dute ikerlariek, hau da, kreditu txartela baten pisua adina plastiko.